- Party teknologikoaren antolatzaileak pozik agertu dira hitzorduaren emaitzarekin. Lehen aldiz burutu da Gasteizko Europa Jauregian eta kokaleku berria etorkizunera begira mantentzeko asmoa dagoela iragarri dute arduradunek
- Espero baino askoz lagun gehiago, 2.500 pertsona inguru, pasa dira Opengunetik, publikoarentzat irekita zegoen eremutik. Hitzaldiak, tailerrak, jokoak eta erakustaldiak egin dira larunbatean eta igandean
- Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestu du Araba Encounter, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin
Laugarren Araba Encounter hitzordu teknologikoak nota altua lortu du. Publikoarentzat irekita zegoen eremura hurbildutako pertsona kopurua azpimarratu dute antolatzaileek, 2.500 lagun baino gehiago bertaratu baitira. Hiru egunotan zehar, ehunka partaide eta bisitariek 25 prestakuntza-ekintzez eta dozenaka lehiaketez gozatu ahal izan dute, baita robotika, droneak eta errealitate birtuala ardatz dituen arloan jorratutako ekintzetan parte hartu ere.
Euskaltel Konekta Fundazioko gerente eta Araba Encounterren antolatzaile Sabino San Vicente pozik agertu da partyaren garapenarekin, eta azpimarratu du Europa Jauregia leku aproposa dela etorkizuneko bilkurak gauzatzeko. Errealitate birtualeko 3Dko esperientzia erabat sinesgarriek, bereziki, harrituta utzi dute publikoa. Jauregiko arduradunen eta teknikoek kolaborazioa eskertu ostean, San Vicentek iragarri du etorkizuneko partyetarako egoitza gisa ezarri nahi dutela hau, hurrengo topaketarekin hasita.
Europa Biltzar Jauregiaren instalazioei eta Euskaltelen zuntz optikoari esker, eskainitako 320 ordenagailu-postuak segundoko 10 gigabiteko abiadura izugarrian konektatu ahal izan dira. Horrela, nabarmen gainditu da etxeetako ohiko konexio-abiadura.
San Vicente oso pozik agertu da prestakuntza-ekintzetan izan den parte-hartzearekin. Diseinua, programazioa, sare sozialak edo telefono adimentsuen erabilera izan dira hizpide, besteak beste. BIC Arabarekin elkarlanean antolatutako ekintzek interes handia piztu dute, baita haurrei zuzendutako programazio-tailerrek ere. Gainera, Star Wars sagaren azken filmaren estreinaldiak isla handia izan du topaketan. Zehazki, Jedi-en historian oinarritutako errealitate birtualeko esperientzia batez gozatu ahal izan dute bertaratuek, eta argidun sableak egiteko tailerra ere izan da.
Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin, Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestutako ekimena euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter topaketekin batera. Lau urteotan lortutako arrakasta dela eta, ekimen honek leku garrantzitsua hartu du Euskadiko ekimen teknologikoen artean.