Errealitate birtualean adituek iragarri dute teknologia hau gure egunerokotasunean barneratuta egongo dela bi urte barru

  • Hezkuntza, lanbide heziketa, osasuna edo publizitatea bezalako arloetan hazkuntza handia egongo dela jakinarazi dute Araba Encounter topaketan elkartutako hizlariek
  • Wuautech enpresako arduradun Nacho Junquerak baieztatu duenez, hemendik gutxira informazio digitala gehituko diguten "kapa berriak" izango ditugu ohiko errealitatearen gainean, egungo betaurrekoen estetika parekoa duten betaurrekoei esker
  • Nesplorako ikertzaile Mari Feli González Pérezek azpimarratu du errealitate birtualeko aplikazioek etorkizun handia dutela osasunaren arloan; esate baterako, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua detektatzeko haurrengan edo fobiak sendatzeko lagungarriak izango direla
  • Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babesten du Araba Encounter, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin

Errealitate birtualaren garapena bete-betean dago. Orainean erabilera ugari ditu teknologia horrek eta are aplikazio ikusgarriagoak espero dira etorkizun hurbilean. Araba Encounterren elkartutako adituek aditzera eman dutenez, errealitate birtuala gure egunerokotasunean barneratuta egongo da bi urteren buruan, eta iraultza eragingo du hezkuntza, heziketa profesionala, osasuna edo publizitatea bezalako arloetan.

3Dan erabat murgiltzeko esperientziak eskaintzen dituen Wuautech enpresako zuzendari Nacho Junquerak jakinarazi duenez, euren aplikazioetan efektu bisualak eta entzumenezkoak uztartzen dituzte, eta lurraren bibrazioa edota erabiltzailea zipriztintzen duten ihinztagailuak ere erabiltzen dituzte. Junqueraren esanetan, hemendik gutxira informazio digitala gehituko diguten "kapa berriak" izango ditugu ohiko errealitatearen gainean, egungo betaurrekoen estetika parekoa duten gailuei esker.

Asturiaseko enpresaren arduradunak azpimarratu duenez, teknologia hauek aukera handiak dituzte hezkuntzaren arloan. Bere ustetan, Google Maps 3D bezalako aplikazioak eskoletan erabili beharko lirateke historia edo geografia bezalako irakasgaietan. "Haurrek ikusten badute nolakoak diren gauzak, ez dituzte ahazten. Ikasketa-prozesuari dibertimendu pixka bat eransten badiogu, gainera, askoz hobeto barneratzen dituzte ezagutzak". Gorputzaren funtzionamendua "barrutik" erakusten duten edo gertakari historiko baten garapena azaltzen duten programak dira teknologia hauen adibideetako batzuk.

Araba Encounterren Opengunean dago kokatuta Wuautech errealitate birtualeko zona. Bertan muturreko egoerak errealismo handiz bizitzen dituzte parte-hartzaileek. Garuna engainatuz, eraikin erraldoi baten teilatuan, errusiar mendi batean edo amildegi baten ondoan gaudela sinestarazten digute. Teknologia hori, aisialdirako erabiltzeaz gain, suhiltzaileen entrenamendurako ere baliatzen ari dira, bereziki konplexuak diren erreskateak simulatzeko: esate baterako, ur azpian iraulitako auto baten kasua. Junquerak baieztatu duenez, aplikazio horiei esker, suhiltzaileek arrisku handiko egoera horiei aurre egiteko gaitasunak lan ditzakete.

Osasun arloko aplikazioak
Bestalde, Nesplorako ikertzaile Mari Feli González Pérezek azpimarratu du izugarrizko aplikazioak dituela errealitate birtualak osasun arloan; adibidez, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua detektatzeko haurrengan edo fobiak sendatzeko. Donostiako enpresa honek 350 bezero ditu 22 herrialdetan, eta sistema bat dauka haurrek ikasgelan duten arreta neurtzeko. 3D betarrekoak eta aurikularrak erabiliz, gelaren barruan bezala sentitzen dira haurrak. Horrela, datu espezifikoak lortzen dituzte: entzumen eta ikusmen arreta maila, nola mugitzen diren edo estimuluei erantzuteko zenbat denbora behar duten.

Nesplorak zientifikoki baliozkotutako soluzioak eskaintzen dizkie klinikoei eta ikertzaileei. Horrela, giza jokabidea modu zehatzean aztertu, diagnostikatu eta tratatu dezakete, pazienteen bizi-kalitatea hobetze aldera. Ikertzaileak jakinarazi duenez, helduen memoria edo funtzio exekutiboak neurtzeko testa daukate, baita eginbeharrak sekuentziatzeko edo planifikatzeko gaitasunak behatzeko ere. Neuromarketinaren garapenaz ere mintzatu da. Neurozientziak marketinean aplikatzean datza hori, kontsumitzaileek kontzienteki eta inkontzienteki bizi dituzten emozio, arreta eta memoria mailak aztertze aldera. Modu horretan, posible da jakitea denda bateko zein artikuluk bereganatzen duen begirada gehien, edo produktuaren zein ezaugarri atsegin duten gehien bezeroek.

Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin, Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestutako ekimena euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter topaketekin batera. Azken horren 25. urteurrena ospatu da aurten eta urtero 6.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen ditu Barakaldoko BECen.

 

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch