-
Gaur jarri da abian, Gasteizko Europa Jauregian, Arabako laugarren informatika-bilkura, segundoko 10 gigabiteko interneterako konexio-abiadurarekin
-
Abenduaren 18ra arte gauzatuko den partyak, 25 prestakuntza-jarduera eta dozenaka lehiaketa eskainiko ditu. Gainera, robotikaren, droneen eta errealitate birtualaren aldeko apustua indartu egin da aurten
Topaketaren lehen orduetan agerian geratu da bisitarien interesa, pertsona ugari bertaratu baitira Opengune zona irekira. Bertan, hitzaldiak, tailerrak, aurkezpenak, jokoen lehiaketak eta errealitate birtualeko erakustaldiak eskaintzen ari dira
-
Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babesten du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin
Araba Encounter inoiz baino indar gehiagorekin jarri da martxan aurten. Agerian geratu da informatika zaleen topaketa honek pizten duen interesa, sarera konektatutako 320 ordenagailu-postuak eguneko lehen orduetatik hartuta baitzituzten parte-hartzaileek. Bisitarien artean ere nabari da teknologia berriekiko grina, pertsona ugari atean zain egon baitira publikoarentzat irekita dagoen Opengunea 10etan ireki den arte. Gune horretan hitzaldiak, tailerrak, aurkezpenak, bideo-joko lehiaketak eta errealitate birtualeko erakustaldiak egongo dira gaur eta bihar artean. Errealitate birtualeko eta robotikako gune ikusgarriek ere erakargarritasun handia dute bertaratuentzat.
Arabako bilkura teknologikoa laugarrenez burutzen da aurten, eta astelehenera arte, hilak 18, luzatuko da, arratsaldeko 17:00ak arte. Berrikuntza, formakuntza eta partaideen arteko lankidetza izango dira hitzordu honen ardatz. Guztira, 25 prestakuntza ekimen izango dira, eta dozenaka lehiaketa bideo-jokoen, arte digitalaren, software librearen eta hardwarearen arloetan. Gainera, robotikaren, droneen eta errealitate birtualaren aldeko apustua indartu egin dute aurten.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren saileko diputatu Pilar García de Salazarrek; Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendari Aitor Urzelaik; Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Euskaltel taldeko eta Euskaltel Konekta fundazioko presidente Alberto García Erauzkinek.
García Erauzkinek azpimarratu duenez, party hau urteko teknologia-topaketa nagusia da Araban, eta pozik agertu da 'Encounter' topaketak ondo errotu direlako hiru lurraldeetan. "Europako herrialde ugarik erreferente gisa gaituzte", adierazi du Euskalteleko arduradunak.
Bestalde, Aitor Urzelaik ongietorria egin die parte-hartzaileei eta gonbita luzatu die "ezagutzak elkartrukatu eta elkarrengandik ikas" dezaten, jakintzak "gizartearen zerbitzura" jarri ahal izateko.
Gorka Urtaranek itxi du ekitaldia eta harro agertu da bilkura Gasteizen egiten delako. "Topaketa hau bat dator, erabat, Gasteiz bezalako hiri moderno eta konektatu batekin", erantsi du. Gainera, parte-hartzaileak startup-ak sortzera animatu ditu, guztion onurari mesede egin diezaioten.
Segundoko 10 Gigabiteko abiaduran konektatu dira ehunka ordenagailuak sarera. Euskaltelen zuntz optikoari esker eskainitako abiadura horrek etxeetako estandarrak oso nabarmen gainditzen ditu. Bestalde, 2.000 pertsona baino gehiago espero dira arabar hitzorduan; izan ere, eserlekua duten parte-hartzaileez gain, eguneko sarrera duten bisitariak, tailer nahiz hitzaldietan izena eman duten pertsonak eta doako jarduerak ikustera bertaratuko diren hiritarrak ere hartuko ditu jauregiak.
Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin, Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestutako ekimena euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter topaketekin batera. Azken horren 25. urteurrena ospatu da aurten eta urtero 6.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen ditu Barakaldoko BECen.
Hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak publikoarentzat irekita dagoen Opengune espazioan burutuko dira, gaur eta bihar goizeko 10etatik arratsaldeko 20etara. Antolatzaileek hiritarrei topaketara gerturatzeko eta doako jardueretan parte hartzeko gonbita luzatu diete, Europa Jauregia hirigunetik gertu dagoela aprobetxatuz.