- Araba Encounter 04 topaketa Gasteizko Europa Biltzar Jauregira lekualdatuko da aurten. Dozenaka prestakuntza-saio, joko eta lehiaketa eskainiko dira bertan
- Laugarren urtez ehunka informatika zale biltzen dituen ekimen teknologikoa abenduaren 16tik 18ra burutuko da segundoko 10 gigabiteko interneterako konexio-abiadurarekin
- Eskainitako 320 eserlekuak hartuta daude dagoeneko, teknologia berrien eta informatikaren zaleek urtero espero duten hitzordua baita. Gainera, bisitariek gertutik ezagutu ahalko dute topaketa, eta Opengune eremu irekiko doako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute; hitzaldietan, tailerretan edo aurkezpenetan kasu
- 1.000 bisitaritik gora erakartzea aurreikusi dute antolatzaileek. Izan ere, eserlekua duten parte-hartzaileez gain, eguneko sarrera duten bisitariak, tailerretan izena eman duten pertsonak eta doako jarduerak ikustera bertaratuko diren hiritarrak ere hartuko ditu jauregiak
- Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babesten du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin
Abenduaren 16tik 18ra Gasteizen burutuko den Araba Encounter 04 topaketa informatikaren eta teknologia berrien zaleentzat prestakuntza-jarduera eta aisialdi eskaintza oparoa dakar aurten. Eskainitako 320 eserlekuak hartuta daude dagoeneko, teknologiaren zaleek urtero espero duten hitzordua baita.
Nabarmentzekoa da topaketa egoitzez aldatu dela aurten: Europa Biltzar Jauregian burutuko da partya, hirigunetik gertu dagoen eta parte-hartzaile zein bisitariei erosotasun handia eskainiko dien eraikinean. Partyak ehunka ordenagailu sarera konektatuko ditu segundoko 10 gigabiteko abiadura izugarrian. Horrela, Euskaltelen banda zabalari esker, nabarmen gaindituko da etxeetako ohiko konexio-abiadura.
Publikoari dagokionez, 1.000 pertsonatik gora erakartzea aurreikusten dute antolatzaileek. Izan ere, eserlekua duten parte-hartzaileez gain, eguneko sarrera duten bisitariak, tailer nahiz hitzaldietan izena eman duten pertsonak eta doako jarduerak ikustera bertaratuko diren hiritarrak ere hartuko ditu jauregiak.
Topaketara gerturatzen direnek ezagutzak partekatu ahal izango dituzte, baita hainbat lehiaketetan parte hartzeko aukera izan ere: arte digital, bideo-joko, software libre edo hardware arloetan, besteak beste.
Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestutako ekimenak prestakuntzan sakonduko du aurten. Publiko guztiei zuzendutako hitzaldi eta tailerrak eskainiko dira, aditu zein hasiberrientzat, web garapena, droneak, errealitate birtuala edo smatphoneen erabilera bezalako gaiak jorratuz.
Horrez gain, Enpresa Digitalak (SPRI) emango dituen ikastaroen artean, adin txikikoei zuzendutako lau tailer egongo dira, gaztetatik teknologia berrietan lanean has daitezen sustatzeko helburuarekin. Konkretuki, horietako bi tailer neska gazteei zuzenduak egongo dira, euren artean ere teknologiarekiko zaletasuna pizteko asmoz.
Araba Encounter euskal informatika-partyen sarean kokatzen da, Gipuzkoa Encounter eta urtero Barakaldoko BEC aretoan 6.000 parte-hartzaile biltzen dituen eta aurten 25 urte bete dituen Euskal Encounter “ahizpa handia”-rekin batera.
Publikoari irekia
Hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak publikoari irekia den Opengune espazioan burutuko dira. Antolatzaileek hiritarrei abenduaren 16tik 18ra topaketara gerturatzeko eta doako jardueretan parte hartzeko gonbitea luzatzen diete, eszenatokia hirigunetik gertu dagoela aprobetxatuz.